Mewando Palestina

Gure Ikuskera

The Bilbao Initiative: A Coordination Space for Justice for Palestine

Estatu Batuetako Annapolis hirian hiru presidente elkartu omen ziren palestinarren eta israeldarren arteko bake bidean aurrera egiteko. Azken bake konferentzia hori, aurretik egindako bere antzeko beste asko bezala, antzezlan kaxkar bat baino ez da izan, erdipurdiko aktore batzuek taularatua eta bere amaiera txarraren kariaz nazioartearen txistuak eta gizarte zibilaren erantzun gogorra baizik irabazi ez dituena. Bilboko ekimenak gune bat eskaini nahi dio Palestinako garbiketa etnikoa hasi zenetik 60 urte betetzen diren une honetan Palestinak bizi duen egoera salatzeko abiatu den ekimenari.

Israelgo lehen ministroak hitza eman zion bere koalizio gobernuari (gobernu horretako kide batzuek ahoan bilorik gabe mehatxatzen dituzte palestinarrak holokausto batekin, Matan Vilnai Defentsako ministrordeak egin duen bezala, edo palestinar guztiak Palestinatik betiko kanporatzearekin, nola egin baitu Avigdor Lieberman Gai Estrategikoetako ministro ohiak) bakar-bakarrik onartuko zuela eduki gabeko adierazpen lauso bat eta eguneroko jardunean aisa urratzeko moduko egutegi bat. Bush presidentea, berriz, Annapoliseko konferentziaz baliatzen da olibondo adar faltsu bat eskuan harturik munduari sinestarazteko bakearen alde ari dela, Irakeko gerran hartzen ari den jipoia estaltzeko eta bere militarismoak Mendebaldean eragin duen hastioa apur bat gozatzeko. Mahmoud Abbas, Palestinako presidentea, herririk eta naziorik gabe joan zen Annapolisera. Oraindik presidente bada, Israelek eta Estatu Batuek laguntzen diotelako da. Abbasek ondo asko zekien Annapoliseko fartsa horretan ez zela urrats bat ere aurreratuko bake justu baterako bidean, baina ez zen joan gabe geratu hargatik.

Gaza, aldiz, elkarrizketa —zinezko edo alegiazko— guztietatik kanpo geratu da, bakartua eta setiatua. Europako Batasunak eta Israelek boikota ezarri diote Gazako populazioaren bizi-baldintzak hobetu ditzakeen laguntza humanitarioari, eta ondorioz gazatarrak gero eta hurbilago daude hondamenditik eta eztanda egitetik. Eta zein da palestinarren krimena? Zein da Gazako biztanle guztiak setio kriminal baten azpian atxikitzeko Israelek eta nazioarteko komunitateak daukaten arrazoia? Bakarra: nazioarteko komunitateak onartzen ez duen alderdi politiko bati botoa eman izana. Hil aurretik Gazak eztanda egingo du. Astiro, krudelki eta modu adostuan, gazatarrak leherketarantz bultzatzen ari dira, genozidio horren aurrean munduko gobernu guztiak isilik eta mutu dauden bitartean. Gaza ispilu bat da, eta ispilu horretan islatzen da nazioarteko komunitateak Israelen krimenen aurrean agertzen duen jarrera lotsagarria. Israelek gazatarrak zangopean dauzka, bizi ezinik, munduko aire libreko kontzentrazio eremu erraldoienean hertsatuak, eta tarteka-marteka nazioarteko bake-antzokian ondo geratzeko Zisjordanian checkpoint ale batzuk kentzen baditu ere berehala jarriko ditu beste hainbeste beste nonbait; era berean, Israelek askatu dituen preso palestinarrak beteta dituzte euren zigorrak, eta askatzen dituen horiek zangoa kalean jarri orduko atxilotuak ditu beste hainbeste beste nonbait (une honetan 9750 palestinar daude preso Israelgo presondegietan). Eta hori guztia gertatzen den bitartean aurrera doa Apartheidaren Harresia, zeinaren aldean Berlingoa jostailu bat baino ez baitzen izan.

Gazaren kontra krimen definitiboa burutzen duen bitartean Israelgo gobernuak ez dauka inolako lotsarik argi betean agertzeko bere neurrien azpian dagoen ideologia. Izan ere, aditu nahi duen guztiari esaten dio Palestina judutartzen jarraitu behar duela eta hamar milatik gora etxebizitza berri eraiki behar dituela Jerusalemen beste kolonia erlijioso ilegal bat egiteko. “Arabiarrei kanporaketa ona opa diegu” dio kartel batek Jaffan, 20.000 biztanle palestinar dituen Israelgo hirian, argi utziz 1948tik hona Palestinako garbiketa etnikoko proiektu sionista ez dela sekula eten, ezer egitekotan egokitu eta perfekzionatu egin dela, eta proiektu hori ez dela iraganeko kontua baizik eta orainaldiaren oinarri eta funtsa. Krimen definitiboa bidean dago, astiro baina seguru, eta gero eta hurbilago.

Palestinako gizarte zibileko erakundeek erakutsi digute oso argi dituztela gauzak eta gonbita egin digute beren ekimenarekin bat egitera, hau da, gure tresna indartsuena, erresistentzia zibila, salaketa politiko eta presio tresna bezala erabiltzera palestinarren garbiketa etnikoa bultzatzen dutenen aurka. Esan digute badakitela nola borrokatu Israelen aurka eta zein bide hartu beharko luketen gure herrialdeetako elkartasun erakundeek. Saiatuko gara gure indarrak biltzen eta indarra eta presioa egiten haiek esandako helburu zehatza gauzatzeko: boikota Israelgo apartheid Estatuaren kontra, behiala Hegoafrikako apartheid Estatuaren kontra egin zen bezala.

Bilbo Ekimenetik ahalik eta gehien lagundu nahi genuke mugimendu hori koordinatzeko behar diren urratsak ematen. Euskadiko eta Espainiako gizarte zibila Palestinako gizarte zibilaren eskari legitimoen zerbitzura jarri da. Gu kide gaituen MEWANDO Sareak bultzatutako Bilboko ekimenak gizarte zibil gero eta globalagoaren koordinazioa bultzatu nahi du, guztion indarrak gero eta modu eraginkorragoan elkartu daitezen helburu justu eta legitimo bati buruz: justizia Palestinarentzat. Bakea bai, baina justua eta iraunkorra. Lan hori ongi burutzeko ezinbestekoa zaigu hiztegi pertsonaletik ‘askatasuna’ hitza oraindik ezabatu gabe daukazuen guztion ekarpena. Beraz, zuen guztion zain gaude Bilbon.

Testu hau ondoko lagunek sinatzen dute: Iñaki Markiegi, Mundubateko presidenteak; Rosa Temiño, BILADI Palestinako Kultur Zentroko presidenteak; Ana Arriola, Nazioarteko Elkartasunaren zuzendariak; Natxo Ribechini, Euskadiko GKEen Koordinakundeko Idazkaritzako zuzendariak; Felisa Piedra, Bakea eta Elkartasuna Fundazioaren Euskadiko zuzendariak, Alfonso Roncero, Munduko Medikuak-en Euskadiko zuzendariak. Eugenio Pascual Coruña, Bakea Duintasunez Elkarteko presidenteak eta Isabel Portillo, SODEPAZeko presidenteak. ACSUR-LAS SEGOVIAS.

MEWANDO. C/ Conde Mirasol 7, bajo. 48003 Bilbao // Tel: 00.32. 944 792 258 // mewando@mewando.org